Eskola-adineko kirolaren erronkak eta hezkuntza-balioa aztergai, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean

Hezkuntza eta Kirol Fakultateak «Eskola-adineko kirola: jolasa jokoan» jardunaldia hartu du urriaren 22an, eskola-kirolaren egungo erronkei buruz hausnartzeko eta ikuspegi hezitzaile, osasungarri eta inklusiboa sustatzeko.
Urriaren 22an, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Kirol Ataleko Areto Nagusian, «Eskola-adineko kirola: jolasa jokoan» jardunaldia egin da, COLCAFYD Euskadirekin elkarlanean. Topaketak hezkuntzaren, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko irakasleak, ikasleak, profesionalak eta bestelako eragileak bildu ditu, eskola-adineko kirolaren egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez hausnartzeko.
Jardunaldiaren ardatz nagusia izan da eskola-kirolaren hezkuntza-balioa indartzea, haurren garapen integrala erdigunean jarriz. Horretarako, hainbat gai landu dira, hala nola kirol-espezializazio goiztiarra, lehiaketaren eginkizuna, eskola-kirolaren pribatizazioa eta merkantilizazioa, eta lurralde historikoen arteko araudi-desberdintasunak.
Goizeko saioetan, Oidui Usabiagak, Ekain Zubiarretak eta Irantzu Ibañezek (EHU) haurrengan kirolak dituen onurak aztertu dituzte, azken ikerketen ebidentzietan oinarrituta. Ondoren, Mikel Urbanok (EUNEIZ) lehiaketak eta konparazioak eskola-ume guztien garapen motorrean duten eraginari buruzko hausnarketa eskaini du.
Bestalde, Olatz Manuelek eta Neritzel Albisuak (Mondragon Unibertsitatea) eskola-kirolaren pribatizazioarekin eta merkantilizazioarekin lotutako hainbat alderdi jorratu dituzte, hala nola kuotak, ordutegiak, ekipamenduak eta fitxaketak.
Atsedenaldiaren ondoren, Maite Aurrekoetxeak (Deustuko Unibertsitatea), Maier Uriartek eta Jesús Rodríguezek goi-errendimenduko kirolaren, kirol-teknikarien eta familien ikuspegitik partekatu dituzte beren esperientziak, kirol-espezializazio goiztiarra atzeratzearen garrantzia azpimarratuz.
Jardunaldiari amaiera emateko, mahai-inguru bat egin da, Arkaitz Larrinaga, Raúl Martínez de Santos, Alain Garalde, Mikel Urbano eta Neritzel Albisua partaide zirela. Bertan, eskola-adineko kirolaren inguruko foru-arauak ebidentzia zientifikoan oinarrituta bateratzeko aukerak aztertu dira.
Ekimen honek aukera eman du ikerketa zientifikoa eta kirolaren eguneroko praktika hurbiltzeko, eta eskola-kirolaren eredu hezitzaileago, inklusiboago eta haurren beharretara egokituago baten inguruko hausnarketa sustatzeko.


Comments